2013/05/02

IKASTOLAREN HISTORIA(6): ESKOLA KONTSEILUA ETA IKT GARAIA

Ikastetxeko Organo gorena ASANBLADA izatetik ESKOLA KONTSEILUA izatera
1993an publifikazioa onartu zenetik Ikastetxeko Organo Gorena Asanblada izaen jaraitzen zuen, Batzorde Iraunkorra asanbladen arteko organoa izanik. Bertan eskola komunitateko kide guztiek hartzen zuten parte, botazioak ponderatuak baziren ere. Asanbladak Euskal Eskola Publikoaren legeak adierazten duena betetzen ez zuenez, beste ikastetxeek duten Eskola Kontseilua eratu beharra zegoen. Prozesua 2003-2004 ikasturtean aurrera eraman zen eta horrela 2004ko abenduaren 9an Ikastolako Kontseilua bildu zen lehengo aldiz bere historian, ordudanik ikastolaren gai garrantzitsuenak bertan eztabaidatzen direlarik.
2003-04 ikasturtean ere 2 urteko gela berreskuratu ahal izan zen, heziketa eskeintza luzatuz eta Ikastolari zentzu gehiago emanez: Deustuko Ikastola Publikoa eta Integrala IPI (2 urtetik 16 urtera arte). Eraikin berrira igarotzerakoan, arazo administratiboak zirela-eta, 1980-81 ikasturtetik  San Felitzisimoko lokaletan martxan jarritako 2 urteko gela galdu behar izan zen eta ordutik, erronka hori izan du ikastetxeak.
Hurrengo ikasturtean, bigarren 2 urteko gela zabaldu ahal izan zen eta balioanitzeko gunea ere bai.
2003-04 ikasturtean ere beste ekimen berri bati hasiera eman zitzaion: Ikastolaren ikasturte bukaerako aldizkaria (urtekaria).
IRAGANA GOGOAN   ETORKIZUNA AHOAN

Ordutik aurrera, aldizkaria urtero-urtero berriak, asmoak, lanak, ekimenak, kezkak, iritziak... eta batez ere argazkiak agertzeko gunea bilakatu da. Ikastolaren bizitza ezagutzeko tresna bat da.
2004. urtean ere, 40. urteurrena zela eta, Ikastolako web orrialdea sortzeko une aproposa zela erabaki zen eta irakasle talde bat, guraso batzuen gidaritzapean bildu eta lanean hasi ziren.
Baina azken urte hauetan izan den beste aldaketa handia IKTkoekin zerikusia duen guztia da, hau da, Informazio eta Komunikazio Teknologiekin eta horrekin batera Ikastolaren webgunearen itxura berrizteko momentua heldu zen. 2010-11 ikasturtetik aurrera, webgune berritua daukagu:
www.deustukoikastola.net
Guraso Elkarteak ere bere webgunea martxan jarri zuen:
www.deustukoikastola.org
Hezkuntza Sailak eskola 2.0 programa burutu egin du urte hauetan. Horren ondorioz, LHko 5. eta 6. mailetan eta DBHko 1. eta 2. mailetan ikasleek ordenagailu eramangarri bana daukate lan egiteko, talde hauen gelak arbel digitalez hornituta daudela. Honek guztiak lan egiteko aukera onak eta berriak eskeintzen ditu. (Internetean nabigatzea, blogak sortzea, lana sarean egitea,...) Ikastolan ere hornikuntza informatikoa osatzeko ahalegin handia egin da, jadanik zeuden informatika bi gelez gain, gela guztietan ordenagailu bana gutxienez edukitzeko, eta, eskola 2.0 programa barruan ez zeuden geletan kanoia jartzeko, batez ere gela berezietan (musika, biblioteka,...) Honekin lotuta, ez dugu ahaztu behar administrazioan eta irakasleen lanean informatikak eskeini duena, webgunea eta ikastolako blogak sortu direla,... Gero eta aukera gehiago emango dute teknologia berriek.
Bestalde, azken urteetan ikastolaren dokumentazioa berritzeari ekin zaio, gure ikastetxea eguneratzeko oinarrizko lana dena. Antolaketa eta Funtzionamendu Araudia berritu da jadanik, Hezkuntza Proiektua berritzen ari da Batzorde Akademikoa eta Curriculum Proiektua erdi eginda dago. Hurrengo urteetan jarraitu beharko da lan honetan, merezi du eta.
Iritsiko naiz
argiak jarraituz
iritsiko naiz berriz saiatuz
noizbait
itzuliko naiz
aurkituko zaitut
begiak itxiz gertu sentituz.          Ken Zazpi, Noizbait
Gaur egun, ikastolan 715 ikasle daude Josu Sainz de la Mazaren zuzendaritzapean; bere aurretik Nerea Aranburu egon zen. Ikasleak, HH eta LHn bi talde maila bakoitzeko eta DBHn hiru talde mailako antolatzen dira. Matrikula garaian taldeak betetzen dira, Ikastolak Deustuko gizartearen oniritzia duelako seinale.

Guraso Elkarteko lehendakaria Ugutz Txopitea da.