2013/04/01

IKASTOLAREN HISTORIA (3): SENDOTZEA


Hemendik aurrerakoa Ikastolaren sendotze fasea izango litzateke, batez ere Pedagogia arloan, baina ez lokal aldetik; ikasle eta irakasleen kopurua gorantza doa baina bai ikasgela eta bai atseden tokiek urriak izaten jarraitzen dute. Etapa berri honetako lehenengo ikasturtean eztabaida gogorra sortu zen asanblada barruan eta baita Arduradunen Batzordean ere. Ikastetxe bultzatzaileak (parrokiak) Batzordea desegin eta behin-behineko Batzorde bat jarri zuen. Batzorde honek zuzenduko du Ikastola ikasturtean zehar, ez arazorik gabe, guraso talde batek, eztabaiden iturri ziren irakasleen alde agertuz, presio neurri gogorrak erabili baitzituen, diru arlokoak baztertu gabe. Ikasturtea Barne Araudiko puntu batzuk aldatuz amaitu zen, irakasle eta guraso talde batek jarraituko ez zuelakoan. Horrela gertatu zen; ikasturte berria hasterakoan gurasoen % 15ek eta irakasleen % 70ek alde egin zuten Ikastolatik. Ordezkoak hartu eta hurrengo hilean ospatutako Asanbladak Arduradunen Batzorde berria jarri zuen; Batzorde honetan ez zen egon, euren eskariz, aurreko behin-behineko batzordekiderik. “Villar Palasí” Ikastetxea zabaltzean, “Escuela Graduada de San Felicísimo” zelakoa desagertu zen, honela, toki gehiago eskuratzeko aukera ikusi zen. Baina horretarako lokalak atondu behar ziren eta noizbait eskuratzekotan emandako dirua itzuli behar zitzaien ikastetxe horretako familiei, diru hori erabili zelako Haurtzaindegirako gela bat eta Aurreskolarako bi gela atontzeko. Eraketa aurrera doa, eskolatze eta osasun txostenak bete ziren, Aita Dositeok psikologo lanetan jardun zuen eta Aita Mariok hitzaldi batzuk burutu zituen erlijio, giza eta sexu heziketaz. 1973.eko apirilean Eskolaurrearen klasifikazioa agertu zen BOEn OHOarena bezala 74/75 ikasturtea baino lehenago egin beharreko aldaketa eta eginkizun batzuen baldintzapean. Egin beharreko guztiak bete ziren eta gainera guraso batzuen lanari esker 500.000 pezetako aurrezkiarekin. Sorkunde Etxeandia, Pedagogi Zuzendaria, beste Ikastola batera joan zenez, bere ordez, Sebastian Etxebarria jarri zen 10 irakasleren buru, 167 familiatako 293 ikasle zeudelarik Ikastolan.
1975.ean zazpi ikaslek amaitu zuten OHOko 8.maila, Deustuan euskara hutsez ikasitako lehenengo belaunaldia izan ziren. Zazpi horiek salbuespena ziren 1975.ean baina etorkizuna hortik zetorrenaren aurrerapena zela adierazi zuten. Iñaki Landa marrazkilariak eskuz egindako orla bana jaso zuten oroigarri gisa.


76/77 ikasturtean amaierako Asanbladan Aita Iñaki Mallona Ikastolako lehendakari berriaren aurkezpena egin zen. Berandu heldu bazen ere, laguntza ofizial baten berri eman zen. Asanbladak laguntza hori guztien artean banatzea erabaki zuen, nahiz eta batzuek hurrengo ikasturtean ez jarraitu eta laguntza OHO-koentzat zuzendua izan bakarrik. Sebastian Etxebarriak, abade egin zenez, Ikastolako zereginetan egun erdiz bakarrik jardun zezakeela  adierazi zuen. Hurrengo ikasturtean Elias Artabek ordezkatu zuen Pedagogi Zuzendaritzan. Ikasturtean zehar La Sallekoekin egindako gestioak bideratu ziren; hiru ikasgela, kiroletarako toki bat eta frontoia gure esku geratu ziren.

Ikastetxearen titularitatea euskalduntzea planteatu zen. Pasiotarrek begi onez ikusi zuten eta irakaskuntzarako kooperatiba sistema onartu zen erarik egokien bezala, Asanbladan aho batez onartu zelarik sistema hau. Behin behineko Erretore Kontseiluko Buru bezala Alejandro Diaux izendatu zen; urrian “Ministerio de Trabajo” zelakoan “Deustuko Ikastola S. Coop” izenarekin eta 24348 zenbakiarekin inskribatu zen Ikastola.
1978.eko abenduaren 12an Erretore Batzorde berria aukeratu zen. Bere buru Sabin Urtiaga izan zen. Jarraian, Barne Araudia Kooperatiben Legearen arabera jartzeko ahaleginak egin ziren. Emendakin puntual batzuk egin ondoren, ikasturte amaierako Asanbladan aurkezteko asmoa izan zen, baina guraso talde batek eta irakasleek guztiarekiko emendakina aurkeztu zuten. Ez zen onartu beste aukerarik ez zutelako aurkeztu. Hori zela eta, hurrengo ikasturte hasierako Asanbladan erabakitzeko gelditu zen, bitartean beste aukera bat aurkezteko denbora zutelarik. Baina beste aukerarik ez zenez aurkeztu 1979/80 ikasturteko lehenengo Asanbladan barne araudi berria onartu zen, eztabaidatu ondoren. Honekin Ikastolaren “Sendotze” etapa amaitu zen. Aldi honetan BIE-ren egituratzean parte hartu zen eta genituen lokalen egoera larria ikusirik gestio batzuk burutu ziren lokal barri batzuk lortzeko asmoz.
1980/81 ikasturtean, gurasoen ekimenez, 2 urteko gela martxan jarriko da andereño Amaia Buen irakasle izango delarik eta sei urtez jarraituko duelarik, 1986an eraikin berrira joan ginen arte.