2012/12/14

DEUSTUKO IKASTOLAREN NONDIK NORAKOA: SORRERA(1)

50. urteurrena beteko du aurten Deustuko Ikastolak. Hasiera guztiak bezala, ikastolarena ere ez zen erraza izan. Beste batzuek bezala, berezko sorrera izan zuen 60ko hamarkadaren hasieran guraso batzuen nahiari esker.

36ko gerra zibilaren ondoren gure herriak, gure hizkuntzak, gure kulturak eta edozelango euskal giroko ekintzek izandako zapalketaren ondorioz ingurua ezkorra gertatu zen. Familia batzuek, nahiz eta euskara irakatsi euren seme-alabei etxean, ezinbestekotzat jo zuten ikasketak euskeraz burutzea giroa aldatu eta euskal sena bultzatzeko. Euskara galdutako edo-ta ezagutzen ez zuten familia batzuek ere hizkuntzaren garrantziaz jabetu eta euren seme-alabak euskaldundu izan nahi zituzten. Berezko eskubidetzat jo zuten nahi hori eta orduko politika sistemari eta irakaskuntza legediari aurre eginaz jo eta ke hasi ziren ezer gutxi zutelarik esku artean (zorrak ez baziren) eta etorkizun iluna argitu eta gaurkotu nahian.
Hasierako urteetan batez ere, guraso eta irakasleen eskertu ezinezko ahaleginek beste laguntzaile garrantzitsu batzuk izan zituzten hala nola: S. Pedro eta Pasiotarren Parrokiak, bai lokalak eta bai erlijio irakaskuntzarako abadeak doan jarri zituztelako;  nahiz eta seme-alabarik izan ez, ikastolaren sorreran parte hartu zuten hainbat familia; ezer kobratu gabe lege mailako oztopoak gainditzeko euren agiriak prestatu zituzten tituludunak; ikastaro bereziak eman zituztenak; diruz lagundu zutenak; eta abar. Esan beharrekoa da guraso batzuen aldetik beti izan dela laguntza haundiagoa ikastolako kostoak gutxitzeko asmoz (liburuak konponduz, bestelako konponketak burutuz, eskolatik kanpoko ekintzetan parte hartuz, Santa Ageda egunean abestuz, juntakide izanez…) Irakasleei buruz, nahiz eta sasoi batean eztabaida gogorrak izan, eskertu beharrekoa da bere laguntza, batez ere hasiera batean,  Ikastolaren egoera zela eta diru gutxiz eta profesionaltasun osoz lan egin zutelako. Lehenengo klaseak Azaola-Gereñotarren etxebizitzan burutu ziren 1963.eko urritik aurrera Elixabete Lopez de Gereño anderea 13 neskato mutikoen irakasle zelarik. Hamahiru ikasle horietatik hiruk bakarrik, gazteenek, amaitu ahal izan zituzten euren ikasketak Deustuko Ikastolan; besteak, arazo administratiboekaitik ezin izan ziren geratu Ikastolan baina, ukaezina da beraiengatik  izan zela posible ondorengo ikasle guztiek amaitu ahal izatea.

SENDIAKIKASLEAK
AZAOLA LOPEZ DE GEREÑOJON ANDER - XABIER- ELISABETE
SAITUA IRIBARLEIRE - AITOR
AMURITZA URIARTEJOSU-UNAI
ANSOTEGI ARANGURENLOURDES
LAMIKIZ MENTXAKAMIRELI - JOSEBA
EZKURDIA ARTEAGAGURUTZE
SALUTREGI MENTXAKAAXIER
IRIONDO ETXENAGUSIALOURDES
Oharra: Garai hartako zerrenda edo idatzirik ez dagoenez, gerta daiteke izen edo abizenen bat falta izatea edo zuzendu behar izatea oroimenaz baliatu behar izan baikara.

Nik bizi nuen...


Nik bizi nuen blog honetako beste atal berri bat da eta bertan zuen ekarpenak jaso nahi ditugu. Zer idatzi dezakezuen? Ba zuek ikastolan bizi izan duzuen pasadizoren bat, oroitzapenak, ikastola hitza entzun eta burura datorkizuena... Animatu eta idatzi kontaktuetan agertzen den helbide horretara eta guk blogean argitaratuko dugu.


2013-01-08
 Atal honetan hasiera emateko hona hemen gure Ikastolako gaur eguneko irakasle batek, baina baita ere, guraso ohia denak idatzitako ipuin bat . Ipuin honek, DEIA egunkariak  2012an antolatutako txapela inguruko ipuin-leihaketan hirugarren postua irabazi du.
Ea zuen gustokoa den!