2013/04/23

2013/04/22

LIBURUAREN EGUNA IKASTOLAN

Guraso eta blogaren jarraitzaile agurgarriok:
Aste honetan, hilak 24, 25 eta 26, Liburuaren Eguna ospatuko dugu ikastolako sarrera nagusian. Aurten Ikastolaren urteurrena aukeratu dugu gai bezala eta ikasle gehienek parte hartu dute lan ezberdinak eginez. Klase orduetan talde guztiak pasatuko dira erakusketa ikusten eta familientzako txanda 5etatik 6:30ak arte izango da. Biblioteka itxita egongo da egun horietan.
GUZTIOK  ZAUDETE GONBIDATUTA!
Ikasleen lanaz gain, aintzinako euskarazko liburuen erakusketa antolatu nahi dugu. Etxean honelakoak edukiz gero, egun hauetan seme-alabekin ekartzea eskertuko genuke. Oso ondo zainduko ditugu.
Eskerrik asko!




KAMISETAK ETA NIKIAK BERRIRO SALGAI

Datorren asteetan,  ahaztu zenutenok, ezin izan zenutenok edota ze dotore geratu diren ikusi ondoren erosten animatu zaretenok aukera izango duzue kamisetak eskuratzeko.

Hona hemen oharra:
50. URTEURRENAREN KAMISETAK ETA NIKIAK BERRIRO

Familia eta blogaren jarraitzaile agurgarriak:
Familia batzuek eskatuta 50. urteurrenaren kamisetak eta nikiak berriro jarriko ditugu salgai, lehenengo txanda banatu ostean.
Kamisetak eta nikiak ikusgai egongo dira ikastolako patioan arratsaldeko 5etatik 6ak arte, honako egun hauetan:
Apirilak 25
Maiatzak 2 eta 9
Eredua eta neurria ikusi eta gero eskakizuna egiten den momentuan ordaindu behar da, gero arduradunek enkargua egiteko.
Egindako enkarguak maiatzaren amaieran banatzea itxaroten dugu.

BIDEOKLIPA PRESTATZEN

Aurreko barikuan, apirilak 19, 50. urteurreneko kantaren bideoklipa grabatu genuen. Vietato pensare talde osoa eta laguntzaile pilo bat azaldu ziren goizeko 9:00etan Ikastolan eta lanean  jo eta ke ibili ziren goiz osoan, baita eguerdiko orduetan ere. Oso dibertigarria izan zen . Beitu aurrerapen bat









2013/04/01

IKASTOLAREN HISTORIA (3): SENDOTZEA


Hemendik aurrerakoa Ikastolaren sendotze fasea izango litzateke, batez ere Pedagogia arloan, baina ez lokal aldetik; ikasle eta irakasleen kopurua gorantza doa baina bai ikasgela eta bai atseden tokiek urriak izaten jarraitzen dute. Etapa berri honetako lehenengo ikasturtean eztabaida gogorra sortu zen asanblada barruan eta baita Arduradunen Batzordean ere. Ikastetxe bultzatzaileak (parrokiak) Batzordea desegin eta behin-behineko Batzorde bat jarri zuen. Batzorde honek zuzenduko du Ikastola ikasturtean zehar, ez arazorik gabe, guraso talde batek, eztabaiden iturri ziren irakasleen alde agertuz, presio neurri gogorrak erabili baitzituen, diru arlokoak baztertu gabe. Ikasturtea Barne Araudiko puntu batzuk aldatuz amaitu zen, irakasle eta guraso talde batek jarraituko ez zuelakoan. Horrela gertatu zen; ikasturte berria hasterakoan gurasoen % 15ek eta irakasleen % 70ek alde egin zuten Ikastolatik. Ordezkoak hartu eta hurrengo hilean ospatutako Asanbladak Arduradunen Batzorde berria jarri zuen; Batzorde honetan ez zen egon, euren eskariz, aurreko behin-behineko batzordekiderik. “Villar Palasí” Ikastetxea zabaltzean, “Escuela Graduada de San Felicísimo” zelakoa desagertu zen, honela, toki gehiago eskuratzeko aukera ikusi zen. Baina horretarako lokalak atondu behar ziren eta noizbait eskuratzekotan emandako dirua itzuli behar zitzaien ikastetxe horretako familiei, diru hori erabili zelako Haurtzaindegirako gela bat eta Aurreskolarako bi gela atontzeko. Eraketa aurrera doa, eskolatze eta osasun txostenak bete ziren, Aita Dositeok psikologo lanetan jardun zuen eta Aita Mariok hitzaldi batzuk burutu zituen erlijio, giza eta sexu heziketaz. 1973.eko apirilean Eskolaurrearen klasifikazioa agertu zen BOEn OHOarena bezala 74/75 ikasturtea baino lehenago egin beharreko aldaketa eta eginkizun batzuen baldintzapean. Egin beharreko guztiak bete ziren eta gainera guraso batzuen lanari esker 500.000 pezetako aurrezkiarekin. Sorkunde Etxeandia, Pedagogi Zuzendaria, beste Ikastola batera joan zenez, bere ordez, Sebastian Etxebarria jarri zen 10 irakasleren buru, 167 familiatako 293 ikasle zeudelarik Ikastolan.
1975.ean zazpi ikaslek amaitu zuten OHOko 8.maila, Deustuan euskara hutsez ikasitako lehenengo belaunaldia izan ziren. Zazpi horiek salbuespena ziren 1975.ean baina etorkizuna hortik zetorrenaren aurrerapena zela adierazi zuten. Iñaki Landa marrazkilariak eskuz egindako orla bana jaso zuten oroigarri gisa.


76/77 ikasturtean amaierako Asanbladan Aita Iñaki Mallona Ikastolako lehendakari berriaren aurkezpena egin zen. Berandu heldu bazen ere, laguntza ofizial baten berri eman zen. Asanbladak laguntza hori guztien artean banatzea erabaki zuen, nahiz eta batzuek hurrengo ikasturtean ez jarraitu eta laguntza OHO-koentzat zuzendua izan bakarrik. Sebastian Etxebarriak, abade egin zenez, Ikastolako zereginetan egun erdiz bakarrik jardun zezakeela  adierazi zuen. Hurrengo ikasturtean Elias Artabek ordezkatu zuen Pedagogi Zuzendaritzan. Ikasturtean zehar La Sallekoekin egindako gestioak bideratu ziren; hiru ikasgela, kiroletarako toki bat eta frontoia gure esku geratu ziren.

Ikastetxearen titularitatea euskalduntzea planteatu zen. Pasiotarrek begi onez ikusi zuten eta irakaskuntzarako kooperatiba sistema onartu zen erarik egokien bezala, Asanbladan aho batez onartu zelarik sistema hau. Behin behineko Erretore Kontseiluko Buru bezala Alejandro Diaux izendatu zen; urrian “Ministerio de Trabajo” zelakoan “Deustuko Ikastola S. Coop” izenarekin eta 24348 zenbakiarekin inskribatu zen Ikastola.
1978.eko abenduaren 12an Erretore Batzorde berria aukeratu zen. Bere buru Sabin Urtiaga izan zen. Jarraian, Barne Araudia Kooperatiben Legearen arabera jartzeko ahaleginak egin ziren. Emendakin puntual batzuk egin ondoren, ikasturte amaierako Asanbladan aurkezteko asmoa izan zen, baina guraso talde batek eta irakasleek guztiarekiko emendakina aurkeztu zuten. Ez zen onartu beste aukerarik ez zutelako aurkeztu. Hori zela eta, hurrengo ikasturte hasierako Asanbladan erabakitzeko gelditu zen, bitartean beste aukera bat aurkezteko denbora zutelarik. Baina beste aukerarik ez zenez aurkeztu 1979/80 ikasturteko lehenengo Asanbladan barne araudi berria onartu zen, eztabaidatu ondoren. Honekin Ikastolaren “Sendotze” etapa amaitu zen. Aldi honetan BIE-ren egituratzean parte hartu zen eta genituen lokalen egoera larria ikusirik gestio batzuk burutu ziren lokal barri batzuk lortzeko asmoz.
1980/81 ikasturtean, gurasoen ekimenez, 2 urteko gela martxan jarriko da andereño Amaia Buen irakasle izango delarik eta sei urtez jarraituko duelarik, 1986an eraikin berrira joan ginen arte.




2013/03/22

DEUSTUKO IKASTOLAREN 50.URTEURRENA KORRIKAN BE BAI

KORRIKA 18 badoa Euskal Herrian zehar euskararen alde eta atzo Deustuko Ikastolaren aurretik igarotzerakoan,  50. urteurrena gurekin ospatzeko prest egon zen

Aupa mutilak!

2013/03/21

PANKARTAK JADANIK ESKEGITA DAUDE

Baditugu eskegita Ikastolako hormarik ikusgarrienetan, 50. urteurrena aldarrikatzen duten pankarta dotore eta erraldoiak.
Hor ibili ziren borondatezko langileak, izerdi patxetan, ahal den eta seguruen eskegi nahian baina... eutsi egin ahal izango diote?




LANDA GURASO OHIAREN ARTELANA

DBH 4. mailako ikasle batzuk, Olatz Kaltzada  ikasle ohia eta irakaslea den gidaritzapean, Iñaki Landa guraso ohiaren marrazki bat margotzen ari dira Ikastolako horma batean. Tankera honetako marrazkiek apaintzen zuten gure Ikastola, San Felitzisimo eraikinean geundenean ere. Ikasgelak sotoetan egon arren, barruko patio batera ematen zuten  eta patio horren hormak Landak egindako margolan ederrekin apainduta zeuden.
Txikitan bertan egon garenok, oso ondo gogoratzen ditugu.
Hasi dira ba, gure ikasle artista eta langileak, gora eta behera darabilgun eskailera ondoko horma hutsa betetzen. Hona hemen prozesuaren irudiak:






DBH 4. mailako ikasle artistak hauek dira:

IKER VILLANUEVA
IRENE RUIZ
GARAZI LARREA

               LIBE OLABARRIETA
               SHEILA FERNANDEZ
               LAURA BALDAZO

Artelana aurrera doa. Jarraipena hemen ikus dezakezue.





2013/02/07

50.URTEURRENEKO KANTA

Ikasturtea hasi berri zela, gure ikasle ohia den Gaizka Loroñok zuzendari eta idazkariekin hitz egin zuen 50. urteurrenaren ospakizunei buruz. Berak eta bere musika taldekoek( Irantzu Karral abeslaria ikasle ohia ere bada), jada, abesti bat eginda zutela jakinarazi zien. Grabaketa estudio on batean egin behar zutela-eta itxaroten egon gara eta kanta entzuteko eta abesteko unea heldu zaigu. Hemen daukazue:


 

(deskargatu kanta)

DEUSTUKO IKASTOLA- 50.URTEURRENA

Lau haizetara!
Berroigeita hamar urtez,
zenbat amets,
ta zenbat istorio
Deustuko Ikastolan,
euskara bihotzetik,
ezpainetara


Txikitatikan,
erdi negarrez,
dena arrotz sentitzen baduzu ere,
lehen lagunak,
lehen ametsak,
izanen dira bidaia hontan kide.

Nondik nora,
joan diren irriak,
olaturik gabeko ontzian
Nondik nora,
bihotzen taupadak,
Argitxoren lehen bisitan.

Lau haizetara!
Berrogeita hamar urtez,
zenbat amets,
ta zenbat istorio
Deustuko Ikastolan,
euskara bihotzetik,
ezpainetara,
Lau haizetara! (x 2)

Lantegi baten
aztarnetatik,
euskaraz bizitzeko gogoetatik
hizkuntza zaharrenaz,
mundua harro,
azal gaitezen akordez beterik

Nondik nora,
joan diren irriak,
traktorerik gabeko gurpiletan
Nondik nora,
bihotzen taupadak,
Argitxoren lehen bisitan

Lau haizetara!
Berrogeita hamar urtez,
zenbat amets,
ta zenbat istorio
Deustuko Ikastolan,
euskara bihotzetik,
ezpainetara,
Lau haizetara! (x 2)



2013/01/31

MENDOREN MARRAZKIAK

50.urteurrena dela eta, Mendo ere ekintza berezia egiteko prest dago: gaur egungo, hau da, 2012-2013 ikasturteko ikasle guztien marrazkiak, komiki eran, marraztuko ditu. Bere asmoa, irudi  horiekin guztiekin, horma-irudi bat antolatzea da. Jadanik 200 bat marrazki eginda ditu. Hori bai lana!
Aupa Mendo!






2013/01/29

BELAUNALDI DESBERDINEN ARGAZKIA

Ikastolaren 50. urteurrenaren ospakizunak direla-eta, gaur egun, Ikastolako gurasoak diren eta ikasle ohi direnen zerrenda osatu  dugu. Hauen guraso eta seme-alabak baturik,  argazki bat egin dugu Ikastolako patioan belaunaldi desberdineko senideak elkartuz: ikasle ohiak, gaur egun ikasle diren edo izan diren hauen seme-alabak, eta ikastolaren hasieran protagonismoa izan zuten beraien gurasoak; hau da, gaurko ikasleen aiton-amonak.
Asko falta izan dira, arrazoi desberdinengatik, baina era batera edo bestera, guztion gogoan egon direna ziur gaude.

Argazkia ikasturte bukaerako aldizkari edo liburuxkan argitaratuko da.
Badira ere hainbat langile, guraso direnak edo izan direnak, edo seme-alaba  direnak  eta oraindik lanean dihardutenak. Hauek ere argazkian agertuko dira.

Zerrenda osatzerakoan, aipamen berezia merezi duen sendi batez ohartu gara: Ikastolaren sorrerako guraso batzuen lau seme-alabek  Ikastolan izan dituzte edo dituzte seme-alaba guztiak  ikasle!
Hori bai aipagarria! Aupa Kaltzada-Larrauri sendia! Argazki berezia merezi izan duzue.