2012/12/11

IKASTOLAREN SORRERA (2): SAN PEDRO

Hurrengo ikasturtean, 1964-65, Elixabete andereak  bere aizpa Estibalitzen laguntza izango du.
Bigarren ikasturte hau amaitzean irakaskuntzako Inspekzioaren bisita bat jasaten da legezko erregularizazio eskatzen duelarik.
Legeztatzea dela eta, udan gestio batzuk burutu ziren lokal batzuk bilatzeko asmoz. Benanzio Orbe pasiotarren parrokoarekin eta Tomas Elixpuru S. Pedrokoarekin hitz egin ondoren abegi onez ikusi zuten proiektua eta S. Pedro Parrokiakoek lokal txiki bat jarri zuten ikastolaren esku.
Lokal horretan hasi zen hurrengo ikasturtea Estibalitz anderea ikastetxeko arazo guztietaz arduratzen delarik eta aurreko urteko beste neska-mutikoen ardura duelarik. Ikasturtean zehar gurasoek alkartu eta lehengo Batzordea osatzen dute. Batzorde hau ikastetxearen zuzendaritzaz eta administrazioaz arduratzen da, hurrengo ikasturtean zehar parte hartzea areagotu egiten delarik.
1967/68 ikasturtea lehen irakaskuntzako 1., 2. eta 3. mailetako 35 ikaslerekin hasten da; neska bat Batxilerrerako sarrera azterketarako prestatzen da.
Lokala txiki gelditu da eta 2. hiruhilabeterako su batek erretako eta ikastolako gurasoek atondutako beste lokal bat ixten du parrokiak. Lokal hau haurtzaindegitzat erabiltzen da Mari Feli Abaitua anderearen esku gelditzen delarik.
Etxe irakaskuntza sistemaren menpe egonik ikasleak, lehen irakaskuntzako ikasleek Arangoitiko Eskoletan egin behar dituzte azterketak, emaitza oso ona lortuaz. Batxillergo sarrera azterketa prestatzen zebilen neskatoak ere helburua lortzen du.
Urte honetan Lehen Jaunartzeak euskeraz ospatzen dira Deustun (Pasiotarren eta S. Pedro parrokietan).
Hurrengo ikasturtean ikasle kopurua 50era heltzen da. Guraso Asanbladaren eskariz Estibalitz Gereño andereñoa Pedagogi Zuzendaritzaren arduradun egiten da, Juntakoek beste gestio guztiekin arduratzen direlarik. Aurrerago bere osasun egoera dela eta, Maria Jesus Eguren anderearen esku gelditzen da Pedagogi Zuzendaritza.Paraleloki Pasiotarren Parrokiak utzitako lokal batetan Haurtzaindegi bat sortzen du Deustuko guraso talde batek; 20ren bat neskato-mutiko Gerrikabeitia andereñoaren esku gelditzen dira.
Legeztatzea burutzeko Irakaskuntza inspekzioarekin harremanak hasten dira.
Taldeak osatzeko ikasle kopuru minimo bat behar zenez, alde batetik, eta beste batetik, adinaren arabera, orduko batxilergoa egitea tokatzen zitzaienak San Felitzisimon aukera hori izango ez zutenez, San Pedroko ikastolako ikasle zaharrenek Gran Viako Resurreccion Maria de Azkue eta Centro de Estudios Oñate ikastoletan jarraitu zituzten ikasketak.
1969/70 ikasturtea 150 ikaslerekin hasten du ikastola bateratuak, S. Pedro parrokiako lokaletan Abaitua andereñoaren esku haurtzaindegia gelditzen delarik eta Pasiotarren parrokiako 5 gela Ozamiz jaunaren eta Jayo, Castresana, Beaskoetxea eta Gerrikabeitia andereñoen esku gelditzen direlarik.
Legeztatze biderako dokumentazio berrien berri aurkezten da, aurretik aurkeztutakoa galdu egin baita.
Salgai dauden lokalen bilatze lan bat burutzen da, baina Guraso Alkarteak dituen diru posibilitateak ez dira horrelako lokalen bat erosteko bestekoak.
Hurrengo ikasturtea 173 ikaslek hasten dute aurreko urteko irakaslego berberarekin, Olano andereñoa Gerrikabeitia andereñoaren ordez sartzen delarik. Pasiotarren Parrokiako 240 m2 erabilgarri dituen 6 gela eta 62 m2 pasiloetan erabiliko dira horretarako, banaketa “Nueva Ley de General de Enseñanza” delakoaren arabera egiten delarik.
S. Pedro Parrokiako Haurtzaindegiaren ibilera amaitutzat jotzen da.





Ikasturte amaieran Colegio Parroquial La Pasión izenarekin legeztatu den ikastolaren Barne Araudia onartzen da, ez da subentziorik jasotzen legeak jartzen dituen baldintza guztiak ez direlako betetzen. Ikastetxe bultzatzaile bezala Pasiotarren Parrokoa agertzen da.
Guzti hau Ikastolaren lehen fasetzat jo daiteke:sorrera.