Hirugarren aldi bat zabaldu zen, lokalena. Azpiegitura egoki bat lortzea izan zen helbururik nagusiena, 1981. urtearen amaieran behar genuena Eskolaurrea eta OHO-ko 16 unitatez osatutako Ikastola onartzeko moduko eraikin bat.
Udalarekin harremanetan jarri eta aukera ezberdinak aztertu ziren: “La Viña “ deituriko lur saila, Teologia Fakultatea izandako eraikina, Gormutuen Ikastetxe izandakoa eta “Beltran y Casado, S.A.” industri eraikina.


1986.eko irailan Beltran y Casado, S.A. eraikin industriala izandako toki berean eraikitako lokaletan ikasturtea hasi zen arte, gestioak bata bestearen atzean burutu ziren Ikastola zutik eta taiuz ikusi arte. Harremanak, ikustaldiak, eskaerak, negarrak, “mehatxuak”, etab., egin ziren proiektu honekin nolabaiteko zerikusia izan zezakeen edozeinekin. Hau guztiau idatzirik dago eta 1987.urtearen amaieran Eusko Jaurlaritzara bialdutako txosten bateko 50 apartadutik 46k osotu zuten. Kontuan hartu behar da hipotekatuta zeuden lur sail eta eraikinak Udalak erosi egin behar izan zituela Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eta honek eraiki zuen ikastetxe barria, lur sailen birkalifikazioa egin, lokal zaharrak bota eta barriak eginez. Erakunde publikoek ilegaltzat jo zuten Deustuko Ikastola bezalako entitate “pribatu” baten esku iztea lokalak baina Ikastolak sare publikoan sartzeko legea bideratu zenean, hor sartzeko borondatea zuela ikusirik, onartu egin zen.
Hortaz, instituzioekin bost urtetan harremanetan egon ondoren eta hainbat zailtasunen gainetik,
1986ko irailean Deustuko Ikastola gaur egungo eraikinera pasatu zen, “Beltran y Casado, S.A.” birmoldatutako lantegiaren alde batera, alegia.
Lokal barriak okupatzerakoan arazoak sortu ziren Deustuko Ikastetxe Publikoarekin, eurek egindako hazkunde eskabideari Udalak eraikin berbera erabiltzeko erantzun baitzion.
Urteotan Jesus Mari Arostegi, Mari Angeles Elorz eta Martin Garmendia izan ziren Erretore Batzordeko Buru eta Itziar Uriarte eta Juan Kruz Gorostiza Pedagogi Zuzendari.
1988/89 ikasturtean, laugarren etapako hirugarrenean geunden; Erretore Batzorde Buru Martin Garmendia genuen, 531 ikaslek ziharduten ikasten, Juan Kruz Gorostizak jarraitzen zuen Pedagogi Zuzendari bezala, 25 irakasle eta 5 ezirakasle bere ardurapean izanik.
Etapa honen berezitasunik nagusiena gure seme-alaben heziketan hain garrantzi haundikoa izango den Euskal Eskola Publikoan sartzea izan zen.
25 urte beteta zeuden gurasoen ahaleginari esker, hainbat eta hainbat laguntzaileri esker eta, nola ez, irakasleen lan eskergabeari esker. Gure seme-alaben heziketa, osoa eta kalitatezkoa izan zela esan behar da, zer esanik ez, Euskal Herriaren eta euskararen ezagutzan eta erabileran oinarritua.


No hay comentarios:
Publicar un comentario